EUSKARA | CASTELLANO | info@gzultzamaldea.org | 948 30 53 53

Nafarroako toki- eta lurralde-erakundeek ‘Ez ahaztuak, ezta ikusezinak ere’ kanpaina abiarazi dute

130 udal, kontzeju eta mankomunitate baino gehiago batu dira Azaroaren 25aren inguruko kanpaina honetara. Sentsibilizazio-ekintza honen helburua adineko emakumeei eragiten dien indarkeria matxista ikusaraztea da

Berriz ere, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, Nafarroako toki- eta lurralde-erakundeak elkartu egin dira emakumeen aurka erabiltzen diren indarkeria matxista mota guztiak gaitzesteko. Eta, beste behin ere, indarkeriarik gabeko mundu bat aldarrikatu nahi dute, non emakumeek eta neskek, adina edozein dela ere, askatasunez eta eskubide-berme osoz bizi ahal izango duten.

Aurten, kanpainak arreta jarri du sozialki ikusezin bihurtutako errealitate batean, hau da, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxistan. Emakumeen aurkako indarkeriaren egiturazko izaera genero-desberdintasun sozialetan oinarritzen da, eta indarkeria fisiko, psikologiko, sozial, sexual eta ekonomiko gisa agertzen da. Adineko emakumeen kasuan, gainera, indarkeria hori bereziki luzea den aldi batean zehar hedatzen da, hamarkadetan zehar. Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak egindako 65 urtetik gorako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei buruzko azterketaren arabera, emakumeen % 40k 40 urte baino gehiagoz jasaten du indarkeria, eta % 27k 20 eta 30 urte bitartean.

‘Ez ahaztuak, ezta ikusezinak ere’ lelopean, azpimarratu nahi da indarkeria matxistak adineko emakumeei ere eragiten diela eta indarkeria horrek ezaugarri zehatzak izan ditzakeela. Indarkeria bizitzako etapa guztietan dago, eta areagotu egin daiteke etapa aurreratuetan eta mendekotasun-egoeretan: ez da inoiz kontu pribatutzat hartu behar, ezta beste belaunaldi baten kontutzat edo iraupen luzeko harremanetan jasan beharrekotzat ere. Kanpaina hau berdintasun-teknikaria duten Nafarroako 29 toki- eta lurralde-erakundek sustatu dute, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) laguntza du. 130 toki- eta lurralde-erakunde baino gehiago atxiki zaizkio kanpainari, eta konpromiso hauek hartu dituzte:

  1. Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista politika publikoetatik aitortu, aurre-hartu eta artatu beharreko errealitate espezifiko gisa ikusaraztea.
  2. Indarkeriaren normalizazioaren eta adinari eta matxismoari lotutako estereotipoen aurka borrokatzea, adineko emakumeen esperientziak ikusezin bihurtzen baitituzte edo beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna zalantzan jartzen baitute.
  3. Detekzioa eta prebentzioa hobetzea, gizarte-zerbitzuetako, osasuneko, poliziako, justiziako, berdintasuneko eta adineko emakumeei arreta emateko beste esparru batzuetako profesionalen prestakuntza eta sentsibilizazioa indartuz.
  4. Arreta eta babeserako baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzea, lurralde-aniztasuna kontuan hartuta eta autonomia-, mendekotasun-, desgaitasun-, gizarte-isolamendu edo eten digitalaren egoera desberdinetara egokituta.
  5. Komunitate- eta laguntza-sareak indartzea, familiak, elkarteak, adinekoen zentroak, profesionalak eta herritarrak inplikatuz indarkeria matxisten detekzioan, sentsibilizazioan eta prebentzioan.
  6. Adineko emakumeei entzutea eta ahotsa ematea, haien esperientziak, beharrak eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatuz, intersekzionalitatea kontuan hartuta eta soilik biktima gisa kokatzen dituzten erantzun paternalistak saihestuz.
  7. Politika publiko feministak, integralak eta koordinatuak bultzatzen jarraitzea, emakume guztiei, beren bizitzako etapa guztietan, indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea bermatzeko.

Kanpainaren diseinua Kalaka enpresaren esku egon da, eta komunikazioa eta berdintasuna dira haren lan-ardatz nagusiak.

Adierazpen instituzionala eta irakurketa errazeko bertsioa erantsi ditugu.